Lan hau Aita larramendi,Andoaingo ikastolako ikasle batzuek eskaini dizuegu.
Biologia arloko proiektu batean datza,3.ebaluaketan gure lur planetaren sorrera lantzen aritu garenez, gai hau lantzeko modu egokia iruditu zaigu gure bloga sortzea,hartara,zuei ere informazioa ematen dizuegu guk lantzeaz gain.
besterik gabe espero dugu gure proiektu honek zerbaiteterako baliogarritasuna edukitzea zuentzako ere:
Aiora eta Marta gara eta esan beharrik ez dago zuen iritziak askatasn otso z eman ditzakezuela gure blogean.
Kontinenteen jitoa Alfred Wegener meteorologo eta geofisikari alemaniarrak proposaturiko teoria da. Teoria hori Kontinenteen eta ozeanoen jatorria liburuan proposatu zuen lehen aldiz Wegenerrek. Teoriaren arabera, kontinenteak geruza plastiko baten gainean ezartzen zirela esan zuen, eta geruza ozeanikoa gurutzatuz mugitzen zirela, elkarrengandik hurbilduz edo aldenduz. Fenomeno honi kontinenteen jitoa deitu zion.
Bere garaiko geologo gehienek gaitzetsi egin zuten teoria, inolako zentzurik ez zuelakoan. 50 bat urte igaro behar izan zuten Alfred Wegenerren teoria orokorki kontutan hartua izateko. Wegenerrek ezin izan zuen bere garaian frogatu, kontinenteen mugimendua eragiten zuen mekanismoa zein zen. Ilargia edo eguzkiaren indar grabitatorioak eragiten zituela mugimenduok proposatu zuen, eta mareak eragiten dituzten moduan kontinenteen jitoa eragiten dutela. Wegenerren argumentuetako batzuk zuzenak ez baziren arren, Plaken tektonikaren teoriaren oinarriak jarri zituen.
kontinenteen jitoa Wegenerren arabera
Orain dela 255 milioi urte, kontinente guztiak elkarturik zeuden, superkontinente erraldoi bat osatuz Pangea (lur guztia). Kontinente handi honen ingurua ozeano ikaragarri bat hedatzen zen Pantalasa (itsaso guztia). Duela 150 milioi urte, Pangearen zatitzea hasi zen. Superkontinentea bitan banatu zen orduan, batetik Laurasia iparraldean, eta bestetik Gondwana hegoaldean. Dinosauruak desagertu zirenerako (duela 65 milioi urte), lurrak gaur egun duen itxuraren antzekoa zeukan. Dena den, baziren desberdintasunak, esaterako India oraindik Asiari lotu gabeko uhartea zen, eta Amerika hegoaldea eta iparraldean banaturik zeuden.
Ondorio garrantzitsuak izan dituen azken erupzioaren protagonista Nyragongo sumendia izan da, Kongoko Goma hiria suntsitu eta 100.000 pertsona baino gehiagori eragin diona. Ukaezina da sumendiek gizateriaren historian zehar izan duten eragina: erabat baldintzatzen dute inguruetako herri eta hirien bizitza, ingurunea guztiz eralda dezakete, kasuren batzuetan sumendietako errautsek mesede egiten diote uztari eta sumendien ondoriozko euri azidoek kalte egin diezaiokete gure osasunari.
Hala ere, ingurumenaren aldaketekiko zuzeneko lotura ez zen konfirmatzen hasi XX. mendera arte, orduantxe lotu baitziren lehen aldiz sumendien erupzioak planetako klimaren aldaketa orokorrekin. Ez da harritzekoa, beraz, parke tematiko bat ere sumendiei eskaini izana, Frantziako Auvernia eskualdeko Puy de Dome-tik hurbil.
Ikusgarri bezain arriskutsuak
Sumendiak munduan zehar nola kokatuta daude ikusita, lehen ondorio bat ateratzen da: dauden lekuan ez daudela ausaz eta kasualitatez. Plaka tektonikoen arteko igurzketaren eraginez sortzen dira sumendiak, plaka horietan, bata bestearen azpian kokatzen denean haitzen fusioa gertatzen baita azalaren barruan. Magma horrek lurrazalera igotzeko joera du, pitzadura eta arrakalen bitartez eta horrelaxe sortzen du sumendiak bere burua, bere produktuak (laba, lehergaiak, errautsak eta sumendiko hautsak) pilatuta.
Erupzioa ikuskizun paregabe eta zoragarria den arren, mehatxu latza ere bada, eta ez laba-isurketa, errauts eta jaurtigaien ondorioz edo lokatza-erreka eta gas toxikoen eraginez bakarrik. Sumendien jarduerak, halaber, beste gertakari natural arriskutsu batzuk ere abiaraz ditzake, hala nola paisaia deformatzea, aintziretako hormak hausteagatik edo erreka eta ibaiak moteltzeagatik uholdeak gertatzea, edo lurrikaren ondoriozko erausiak. Eta kalte ezagun horiei, gainera, osasunarengan duten eragin negatiboa gehitu behar zaie, batez ere 3 urtetik beherako haurren kasuan; eta klimaren aldaketetan eragin eztabaidatua. 90eko hamarkadan hasi ziren adituak horretaz hitz egiten.
Klimaren aldaketa?
1991ko ekainean Pinatubo (Filipinak) mendiaren erupzio indartsua gertatu ondoren, hurrengo bi urteetan atmosferara CO2 isuri txikiagoa gertatzen zela ikusi zuten adituek. Zergatik ote zen ikertu, eta ohartu ziren sumendiak botatako errauts eta partikulek 1992 eta 1993 urteetan zehar planetaren inguruan lanbro antzeko bat sortu zutela eta lurrazalera iristen den eguzki-argia gutxitu egin zela, zeharkakoago eta lausotuagoa baitzen. Zientzialari askok, orduan, murrizte horrek Lurreko tenperatura ere jaistea ekarri zuela uste izan zuten eta horrekin zoruaren eta landareen arnasa ere gutxitu egin zela. Baina Kaliforniako Berkeley unibertsitatean berriki egin diren ikerketekin frogatuta geratu da landareen fotosintesi prozesuan zehar eraginkortasuna areagotu besterik ez zela egin, karbono-dioxido gehiago xurgatuz, tenperatura orokorra gradu erdi jaitsi zen arren, eguzkiaren erradiazio orokorra %5 jaitsi zelako eta klimaren aldaketa hori ez da esanguratsua. Hala ere, fenomeno ohikoagoen eragin negatiboetan sakontzen jarraitzeko balio izan zuten analisiek, hala nola aerosolen eragina eta atmosferan dagoen kutsadura.
Onurak ere ekartzen dituzte
Hala ere, nekazaritza eta biziraupeneko metodoak irabazten atera daitezke sumendien jardunaren eraginez. Errautsek eta material piroklastikoek oso emankor bihur dezakete lurra eta uzta aberatsak jasotzeko aukera ematen diete nekazariei. 1992ko apirilean Cerro Negro sumendiak erupzioa izan zuen Leon herritik hurbil, Nikaraguan. Sumendiaren inguruko lurretan errauts-geruza lodi bat erori zen eta nekazaritzaren etorkizun beltzaz hainbat iragarpen ere egin zen, urte luzez etenda geratuko zela esanez. Hala ere, 10 hilabeteren buruan uzta onak jaso zituzten nekazariek sumendiaren errautsez ondutako lur emankor haietatik. Sumendien onberatasun horiek oso eragile ekonomiko eta sozial indartsua dira, zalantzarik gabe. Sarritan esan izan da arrisku handiko sumendi-guneetan bizi direnak joko zaleak izaten direla berez eta arrisku handia jokatzen dutela segurtasun gutxiko irabaziak lortzeko. Baina krater baten oinean bizi izanez hartu duten esperientziak katalizatzaile gisa balio du, hondamendi naturalen aurrean babesteko metodoak garatzeko; izan ere, erupzioei aurre egiteko erari buruz pertsona horiek egiten dituzten gogoetak eta bizirik irauteko martxan jartzen dituzten teknikek ezagupen baliotsuak eskaintzen dituzte.
Tsunamia olatu edo olatu talde bat da, itsasoko ur kopuru handia bertikalki eta laster desplazatzen denean sortua. Fenomeno natural hau lurgaineko zein itsaspeko lurrikara, luizi, sumendi erupzio zein meteorito handien talka batek sortua izan daiteke. Itsaspeko eztanda atomikoek ere sortu omen ditzakete. Horregatik, nahiz eta olatu erraldoi itxura izan, ez dira egiazko olatuak, hauek haizeak eragindakoak baitira.
Fenomeno hau sarrien pairatzen duen eskualdea Ozeano Bareko kostak dira, bertan kokaturik baitago “suzko lerroa” edo aktibitate sismiko handien duen bi plaka tektonikoen talka lerroa, batez ere Asiako ekialdea.
Garrantzitsua da jakitea ez dela nagusiki tsunamiaren garaiera suntsitzaile egiten duena, baizik-eta ur mailaren igoeraren iraupena eta honek desplazatutako ur kopurua: hainbat metro garaierako olatuak, agian hamar metro ingurukoak, sarri agertzen badira ere Ozeano Bareko kostetan, ez dute nahiko ur eramaten lur barnera sartzeko haina. Kontrakoa, olatuak bi metro eskas izanik ere, ur kopuru handia badu, suntsitzailea izan daiteke oso, ehunka metro lur barnera sartuz leku laua eta oztopo naturalik gabea bada. Hori bera gertatu zen Indonesiako Banda Aceh estatuan 2005eko abenduan, itsasoa hainbat kilometro sartu zelarik.
HAUEN SORRERA
Edozein fenomenok eragin dezake tsunamia, ur kopuru handi bat laster desplazatzen badu: lurgaineko zein itsaspeko lurrikarak, luiziak, sumendi erupzioak zein meteorito handien talkak. Hala ere, lurrikarek sortzen dituzte tsunami kopuruaren %90a (tsunami tektoniko deritzatenak). Tsunami bat sortzeko txikiegia den lurrikara batek itsaspeko luizi handi bat sortu dezake, eta honek tsunamia.
Itsaspeko plaka ozeanikoa bortizki igotzen edo jaisten bada, plaka tektonikoen talka dela eta, gainean duen ur masa desplazatzen du. Grabitatearen eraginez, ur masa handi honek oreka bilatzen du eta alboetara hedatzen da, putzuan botatako harri koxkorrak bezala. Lurrikara eragile hauek batez ere sortzen dira plaka ozeaniko bat plaka kontinental baten azpian irristatzen denean, subdukzio izeneko prozesuan. Ur desplazamendua hurbildik hurbilera lekualdatzen da eta uhin luzera handiko (askotan ehunka kilometro luze) eta periodo handiko (hamarka minutu) mugimendua sortzen.
Itsaspeko luiziak pentsa baino ur kopuru handiagoa desplazatu dezakete, tsunamia sortzeraino. Sumendi erupzioek eta meteorito talkek sortutakoak bezala energia kontzentrazio erraldoia izatea iritsi daitezke, baina lurrikarek sortutakoak baino lasterrago sakabanatzen dira, urrutiko kostetara iritsi gabe. Hala ere, iturburutik gertu talka-uhin erraldoiak (solitoiak) altxa ditzakete, Lituya Badiako (Alaska) megatsunamia bezala, zeinek 50–150 metro inguruko olatua sortu baitzuen, inguruko 524 metroko mendietara iritsi zelarik.
1906ko San Frantziskoko lurrikarak sortutako kalteak.
seismo edo sismoa, lurzoruaren astinaldi edo mugimendu bortitzei deitzen zaie, normalean jatorri tektoniko edo bolkanikoa dutenak. Itsasikara itsasoan gertatzen den seismoari deitzen zaio. Lurrikaren, bere jatorrien eta uhin sismikoak lurrean zehar nola zabaltzen dire aztertzen duen zientziari sismologia deitzen zaio.
Lurrikara gehienak plaka tektonikoen mugetan konzentraturiko indarrek lurrazalaren egokitze bat behartzen dutenean gertatzen dira. Ziklo sismiko izeneko ziklo baten amaieran gertatzen dira, noiz lurraren barnean deformazioaren indarra pilatzen da, gero bapatean askatuz eta lurrikara sortuz. Honen ondoren, deformazioa berriro pilatzen hasten da.
Lurrikara gertatzen den lurrazpiko puntuari hipozentro deritzo, eta bere bertikalean dagoen lurrazaleko puntuari (eta, noski, kaltetua izango den lehen puntuari) epizentro.
Itsaspeko lurrikarek tsunamiak sor ditzakete, 2004eko Eguberrietan Indonesia, Tailandia eta kostako beste hainbat herrialdeetan 200.000 hildakotik gora eraginez.
Plaken tektonika eta lurrikarak ulertzetik gertuago
Plaken tektonika ulertzeak lurrikarak aurresatera eramango al gaitu?
Nature aldizkari ospetsuan plaka tektonikoak nola eta noiz ondoratzen diren azaltzen duen lehen frogak aurkeztu berri dira. Deskribapena hauek plaken tektonika hobeki ulertzea eta lurrikarak iragartzeko jakituria areagotzea ekarriko dute.
Erresuma Batuko eta Suitzako ikerlari talde batek egindako ikerketa honetan uste zenaren aurka bi plaka tektonikok talka egiten dutenean bietatik arin eta gazteena behe mantura doan bitartean dentso eta zaharrena goi mantuan geratzen dela plazaratu da. Erabilitako eredua jatorriz eraikuntzen elastikotasuna eta hauskortasuna neurtzeko erabilia izan da. Plaka tektonikoaren presio eta estresak mantuarengan zein eragin izan zezaketen aztertzeko erabili dute kasu honetan. Honela, plaka tektonikoa mantuarekin nola nahasten den deskribatu ahal izan dute lehen aldiz. Ikerketaren buru den Saskia Goes-en (Imperial Collegue, Ingalaterra) hitzetan, “interesgarria da oso plaken goi mantutik behe manturako trantsizioa aztertu ahal izatea. Aurresana izan den arren, lehen aldia da hipotesiak behaketekin osatzen direla”.
Ikerlariek eraikitako eredu numerikoen arabera plaka dentso eta zaharrak mantura hondoratu eta goi eta behe mantuen arteko muga arte iristen dira, bertan metatzen direlarik. Proposatutako ereduak Mendebaldeko Pazifikoko plaken tektonika eta lurrikarak azaltzeko balio dezake, non plaka zahar samarrak Tonga, Marianak eta Japon azpian hondoratzen diren.
Bestalde, plaka gazte eta arinak ere goi eta behe mantuen mugaraino iritsi eta bertan tolesten dira. Milioika urtetan zehar metatu egiten dira bat-batean hondora daitekeen masa eratu arte. Hondoratze honek behe mantura eramaten du masa hau, oraindik azalean dagoen plakaren zatia abiadura handiz hondoratuz. Honek Hego Amerika eta Mexiko aldean plakak hain gazteak izanda lurrikaren maiztasun altua azalduko luke.
Bi plakak elkar jotzen dutenean bata bestearen gainean labaindu eta mantura hondoratzen dira. Ondorioz Andeak bezalako mendikateak ala Japoniaren gisako arku-irla sistemak eratzen dira. Plaken arteko muga hauek bulkanismo eta lurrikara gune oso goriak izaten dira. Goes-en arabera ikerketak sakondu egin beharra dago lurrikarak izateko arriskua ahalik eta zehatzen aurresan dadin, aurrez sekula lurrikararik izan ez duen guneetan barne. “Bi plakak zein abiaduratan hondoratzen ari diren eta bertan sortutako presioa jakitea aurrera pausu itzela izango litzateke lurrikaren maiztasuna eta indarra aurresan ahal izateko”.