Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

TsUnAmIaAaAaAaK...

 SUMENDIAK

       Ondorio garrantzitsuak izan dituen azken erupzioaren protagonista Nyragongo sumendia izan da, Kongoko Goma hiria suntsitu eta 100.000 pertsona baino gehiagori eragin diona. Ukaezina da sumendiek gizateriaren historian zehar izan duten eragina: erabat baldintzatzen dute inguruetako herri eta hirien bizitza, ingurunea guztiz eralda dezakete, kasuren batzuetan sumendietako errautsek mesede egiten diote uztari eta sumendien ondoriozko euri azidoek kalte egin diezaiokete gure osasunari.

Hala ere, ingurumenaren aldaketekiko zuzeneko lotura ez zen konfirmatzen hasi XX. mendera arte, orduantxe lotu baitziren lehen aldiz sumendien erupzioak planetako klimaren aldaketa orokorrekin. Ez da harritzekoa, beraz, parke tematiko bat ere sumendiei eskaini izana, Frantziako Auvernia eskualdeko Puy de Dome-tik hurbil.

Ikusgarri bezain arriskutsuak

Sumendiak munduan zehar nola kokatuta daude ikusita, lehen ondorio bat ateratzen da: dauden lekuan ez daudela ausaz eta kasualitatez. Plaka tektonikoen arteko igurzketaren eraginez sortzen dira sumendiak, plaka horietan, bata bestearen azpian kokatzen denean haitzen fusioa gertatzen baita azalaren barruan. Magma horrek lurrazalera igotzeko joera du, pitzadura eta arrakalen bitartez eta horrelaxe sortzen du sumendiak bere burua, bere produktuak (laba, lehergaiak, errautsak eta sumendiko hautsak) pilatuta.

Erupzioa ikuskizun paregabe eta zoragarria den arren, mehatxu latza ere bada, eta ez laba-isurketa, errauts eta jaurtigaien ondorioz edo lokatza-erreka eta gas toxikoen eraginez bakarrik. Sumendien jarduerak, halaber, beste gertakari natural arriskutsu batzuk ere abiaraz ditzake, hala nola paisaia deformatzea, aintziretako hormak hausteagatik edo erreka eta ibaiak moteltzeagatik uholdeak gertatzea, edo lurrikaren ondoriozko erausiak. Eta kalte ezagun horiei, gainera, osasunarengan duten eragin negatiboa gehitu behar zaie, batez ere 3 urtetik beherako haurren kasuan; eta klimaren aldaketetan eragin eztabaidatua. 90eko hamarkadan hasi ziren adituak horretaz hitz egiten.

Klimaren aldaketa?

1991ko ekainean Pinatubo (Filipinak) mendiaren erupzio indartsua gertatu ondoren, hurrengo bi urteetan atmosferara CO2 isuri txikiagoa gertatzen zela ikusi zuten adituek. Zergatik ote zen ikertu, eta ohartu ziren sumendiak botatako errauts eta partikulek 1992 eta 1993 urteetan zehar planetaren inguruan lanbro antzeko bat sortu zutela eta lurrazalera iristen den eguzki-argia gutxitu egin zela, zeharkakoago eta lausotuagoa baitzen. Zientzialari askok, orduan, murrizte horrek Lurreko tenperatura ere jaistea ekarri zuela uste izan zuten eta horrekin zoruaren eta landareen arnasa ere gutxitu egin zela. Baina Kaliforniako Berkeley unibertsitatean berriki egin diren ikerketekin frogatuta geratu da landareen fotosintesi prozesuan zehar eraginkortasuna areagotu besterik ez zela egin, karbono-dioxido gehiago xurgatuz, tenperatura orokorra gradu erdi jaitsi zen arren, eguzkiaren erradiazio orokorra %5 jaitsi zelako eta klimaren aldaketa hori ez da esanguratsua. Hala ere, fenomeno ohikoagoen eragin negatiboetan sakontzen jarraitzeko balio izan zuten analisiek, hala nola aerosolen eragina eta atmosferan dagoen kutsadura.

Onurak ere ekartzen dituzte

Hala ere, nekazaritza eta biziraupeneko metodoak irabazten atera daitezke sumendien jardunaren eraginez. Errautsek eta material piroklastikoek oso emankor bihur dezakete lurra eta uzta aberatsak jasotzeko aukera ematen diete nekazariei. 1992ko apirilean Cerro Negro sumendiak erupzioa izan zuen Leon herritik hurbil, Nikaraguan. Sumendiaren inguruko lurretan errauts-geruza lodi bat erori zen eta nekazaritzaren etorkizun beltzaz hainbat iragarpen ere egin zen, urte luzez etenda geratuko zela esanez. Hala ere, 10 hilabeteren buruan uzta onak jaso zituzten nekazariek sumendiaren errautsez ondutako lur emankor haietatik. Sumendien onberatasun horiek oso eragile ekonomiko eta sozial indartsua dira, zalantzarik gabe. Sarritan esan izan da arrisku handiko sumendi-guneetan bizi direnak joko zaleak izaten direla berez eta arrisku handia jokatzen dutela segurtasun gutxiko irabaziak lortzeko. Baina krater baten oinean bizi izanez hartu duten esperientziak katalizatzaile gisa balio du, hondamendi naturalen aurrean babesteko metodoak garatzeko; izan ere, erupzioei aurre egiteko erari buruz pertsona horiek egiten dituzten gogoetak eta bizirik irauteko martxan jartzen dituzten teknikek ezagupen baliotsuak eskaintzen dituzte.


Zabaldu Bildu.net | del.icio.us

Ez dago erantzunik »

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>